Euskara | Castellano     
 
     

Hasiera » Albisteak » LIZARRAGAKO HIZTEGIA

LIZARRAGAKO HIZTEGIA

Argazkia handitu

Euskara da Ergoienako txoko berdeetan barrena mendeetan erabili izan dugun hikuntza. Urbasa, Andia eta Beriainen arteko baso, belardi eta soroetan gizaldietan esan izan diren hitz gehienak euskaraz  izan dira. Hitz eta hizkera hauek aldatu egiten dira urteen poderioz herrien arteko harremanarekin, bizimoduen aldaketekin, eta joan-etorrian dabiltzen pertsonen eraginez. Hizkera aldatzeaz gain, hitzak ere galtzen dira; baita berriak sortu ere. Hizkuntza gure kulturaren adierazpen garrantzitsuenetakoa da, gure ondarea. Altxor horren osagaiak diren hitzak eta hizkerak jaso ezean, gutxi batzuen oroitzapenean galduko lirateke.

Horixe da Javi Navarrok, Mari Lurdes Anduezak eta Lizarragako Jose Navarrok egin dutena: gure euskalkia, gure altxorra, liburu batean jaso dute. Lizarraga Ergoieneko euskara  da bere izenburua. Urte askotako lana, esperientzia eta hizkuntzarekiko zaletasuna bildu dira orri hauetan.

Esan bezala, hizkuntza aldatu egiten da. Gure bizitza  eta bizimodua aldatzen den bezalaxe, gure euskalkiek ere bide bera jarraitzen dute. Horrela ekarri digute gure ibarreko mintzaira liburu honetara: bizi, berezi eta aberats. Gure euskararen hitzak ez ezik, aditzak (hika eta zuka), deklinabidea, esaera zaharrak, kantuak eta toponimia herriko etxeen argazki eta guzti aurkituko ditugu bertan. Hiztegiari dagokionez, zazpi mila sarreratik gora aurki ditzakegu orriotan; aldaketa sozialak islatu dira, ahoskerak eta fonetika deskribatu, esanahiak azaldu, kondairak kontatu... Hemendik aurrera, Lizarragako bizitzaren lekuko izan diren hitz, kontu, kantu eta tokiak denon esku artean izango ditugu idazti hau hartzen dugunean.

Lan honen aurkezpena Lizarragako auzoan izango da, apirilaren 3an arratsaldeko 19:30etan. Ekitaldi honetan aukera izango dugu liburu honi buruzko xehetasun gehiago entzun, nola osatu den jakin eta aurrez aurre ezagutzeko. Beraz, egun  horretan gurekin izan nahi baduzue atsegin handiz hartuko zaituztegu geure artean.

 

     ERGOIENAKO UDALA . Intxorreta, 15 - 31829 LIZARRAGA   Tel. 948.460.141   info@ergoiena.com
 
 
Aldor Internet Web Diseinua Web Mapa | Lege Oharra