Hiru herriak lotzen dituzten bideak konpontzeko egitasmoa
Ibarreko 3 herriak lotzen dituzten bideak konpondu eta asfaltatzeko diru-laguntza eskaera eginen du Ergoeinako Udalak. Proiektua prest dago
eta Nafarroako Gobernuak deialdia egiten duenean diru-laguntza eskaera eginen du. Lanen aurrekontua 299.555 eurokoa da.Finantzazioan hiru
erakundek parte hartze aurreikusten dute: Gobernuak, Kontzejuek eta Udalak.
Lizarraga, Unanu eta Dorraorekin batzen dituen bideak ez daude onenean eta Unanu eta Dorrao arteko porlanezko pista hainbat tokitan zartatuta
dago. Izan ere, bide gehienak orain dela 40 urte egin ziren eta geroztik ia ez da berritze lanik egin. Hori dela eta, arazoari irtenbidea
bilatzeko, Kontzejuak eta Udalak zenbait batzar egin dituzte konpondu beharrekoa zehazteko. Guztia adostu dutenean, Udalak, Uharte Arakilgo
Lur Geroa, SL enpresari eman dio proiektua idazteko lana. Dagoeneko, egitasmoa idatzita dago eta Landa Garapena eta Inguramen
Departamentuan aurkezteko zain dago.
Konpondu nahi dituzten bideak:
Batetik, Unanu eta Dorrao artekoa, San Adres ermitatik igarotzen dena; bestetik, Unanutik Lizarragara Errotatik doan bidea; hirugarrenik,
Dorraoko elizatik Errotabiderekin bat egiten duen bidea; eta, azkenik, Dorraotik Lezizara doan bidea. Bideen zabalera 6 metrokoa izanen da
guztira; errepideak 4 metro izanen ditu eta bazterretan, areka edo ubidea egonen da, metro banako zabalerarekin.
Irurako aska
Irurako sastraka eta sasiak iaz garbitu zituzten. Egun, 20 behor eta 100 ardi larratzen dira bertan, baina udako egunetan ez da urik egoten
eta beharrezkoa da aska bat egitea. Larrearen erdian aska bat jartzeko asmoa dago; aska burnizkoa izanen da, izotzari hobeki egokitzen
delako.
Finantziazioa
Ibarreko Udalak eginen dio laguntza eskaera Nafarroako Gobernuko Landa Garapena eta Inguramen Departamentuari. Departamentuak baiezkoa ematen
badu, lanen finantziazioa ondoko moduan egitea aurreikusi dute: %60 Nafarroako Gobernuak, %20 Kontzejuek, eta gainontzeko %20 Ergoienako Udalak
hartuko du bere gain.
Unanun eta Lizarragan bideak konpontzen ari dira
Lizarraga eta Unanuko herri guneen inguruko partzela bideak konpontzen ari dira.Ezpondak garbitu eta gero harrobiko legarra jarri dute.
Hobekuntzokin hondatuak zeuden bideak konpondu nahi izan dituzte, abeltzainen mugikortasuna errazteko. Konponketa lanak egiteko, Unanu
eta Lizarragako kontzejuek Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza, Abeltzantza eta Elikadura Departamentuaren diru-laguntza jaso dute.
Lizarragan, Karduzako pista konpontzen ari dira, baita hilerri ondoko bidea, Askogain eta Elorri mendiko pista eta pilotaleku atzeko aldetik
doan bidea ere. Unanun,berriz, hiru bide konpondu dituzte: Mundiņuko bidea, herritik Errotara doan bidea eta herriaren beheko aldetik doan pista.

|