Familia batek jaso du jaiotzak sustatzeko ordenantzaren laguntza
 2002an jaiotzak eta erroldatzeak sustatzeko diru laguntzak arautzen dituen ordenantza onartu zuen Ergoienako Udalak. Ordenantzaren helburua jaiotza tasak sustatu edo bulkatzea da, Ergoienan haur kopurua handitu eta bizilagun gehiago egoteko. Horretarako diru laguntza ematea aurreikusten du ordenantzak. Bada, 2007an aipatu laguntza eskuratu zuen familia batek. Udalak baiezkoa eman dio eskaerari, eskatzaileek ordenantzak arautzen dituen baldintzak betetzen dituztela ziurtatu ondoren.
BETE BEHARREKOAK
Diru-laguntza jaso ahal izateko, jaioko den haurraren gurasoak Ergoienako herriren batean erroldatuta egon behar dute eta bertan bizi, gutxienez haurra jaio aurreko azken urtean. Haurra jaiotzearekin batera zehaztua dagoen dirulaguntza jasoko dute gurasoek, eta erditze anizkoitzen kasuan, dirulaguntza handiagoa izanen da. Adoptatutako umeen kasuan, umeak urtebete baino gutxiago badu, diru laguntza jaso ahal izango da. Hauek izanen dira diru laguntzaren zenbatekoak: lehendabiziko
haurrarengatik 400 euroko diru laguntza, bigarren haurrarengatik 700 eurokoa, eta hirugarren haurrengandik aurrera 1.000 euro bakoitzagatik.
Gurasoek diru-laguntzaren eskaera Ergoienako udaletxean egin behar dute, seme-alaba jaiotzen den urteko abenduaren 1a baino lehen. Seme-alaba abenduan jaiotzen bada, eskaera hurrengo urteko abenduaren 1a baino lehenago egin beharko da. Eskaera guraso biek sinatu beharko dute, eta guraso bakarreko familietan aski izanen da jaioberriarekin batera familia osatzen duen guraso bakarrak sinatzea. Horrekin batera, seme-alabaren edo seme-alaben jaiotza-agiria aurkeztu beharko dute.
|