Lizarragako kaleen izendegia aldatu dute
 San Donato kalea ordenatu eta Calle Larga zena berrizendatu du Lizarragako Kontzejuak. Herriko zenbait kale berrizendatu dituzte, kaleak ordenatu eta
txukuntzeko asmoz. Kale izenekin batera etxe-izenak ere jaso dituzte.
Karrika bakoitzari bere nortasuna eman diote. Hala, hemendik aurrera plaza ez da Calle Larga izango, Plaza Nagusiye, baizik. Eta plaza gaineko karrika,
Auztei. Azi Iturri Txokoa elkartea dagoen karrika luze hori, aldiz, Azi Iturri karrika da orain.
Izen berriak jartzeko orduan herriko historia eta ohiturak hartu dituzte kontuan. San Adrian karrika izenarekin izendatu dituzte, adibidez, herriko festetan
—urtero txandakatuz— apaizari bazkaria ematen dioten etxe multzoari. Horrekin batera, toponimoak ere errespetatu dituzte; horrela, San Donato karrikatik Teleibidera
doan kaleari Errekatxar izena jarri diote. Aipatu, kaleak izendatzeko orduan ere, ermiten kokapena izan dutela gogoan: San Donato, San Migel eta San Martin, adibidez.
Nola nahi ere, zenbait kale-izen mantendu egin dituzte, hala nola, Eliz Bide.
Orain, aldaketak egin eta gero, karriketan kale-izenak nola paratu estudiatzen ari dira: etxe bakoitzean, etxe-izenarekin eta helbidearekin (kale-izena eta zenbakia)
plaka bana jartzea. Horrela egingo balitz, etxe izenak ez dira galduko.
Kontzejuaren bulegoa berritzeko asmoa
Jakina denez, Lizarragako Kontzejuaren bulegoa Medikuaren etxean dago. Iaz despeditu zituzten medikuaren etxeko lanak, baina teilatua eta kanpoko hormak baino ez zituzten konpondu, hala, barrukoa zegoen
bezala gelditu zen. Kontzejuko bulegoa urtetan ez da berritu eta berrikuntzen premia du: paretak margotzea, altzariak berritzea... Gainera, ordenadorearen beharra dute. Hori dela eta, hobekuntza horiek
egiteko finantziazioa behar denez, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskaera egitea aztertzen ari dira.
Diru-laguntza lortuko balute, bulegoa Kontzejuetxera pasatuko litzateke; baina laguntzarik ezean, Medikuaren etxean geldituko litzateke.
|